zinta garraiatzaile

1. Teknol.
sin. uhal garraiatzaile

Motor batek eraginik etengabe higitzen den eta bere gainean materialak garraiatzen dituen zinta. Bi danborren artean etengabe biraka ari den banda jarraitu batez osatuta dago. Motor batek eragindako danborretako batek marruskaduraz birarazten du banda; beste danborra bandak berak birarazten du, eta bandari itzulera emateko balio du. Bi danborren artean kokatutako arrabol-sail batek eusten dio bandari bere ibilbidean. Bandaren gainean jarritako materiala bandak garraiatzen du bihurgunea dagoen danborreraino; han, banda gainean doan materiala bandatik erortzen da bere pisuaren eraginez. Ale-erako materialak garraiatzeko erabiltzen dira (garia, ikatza, mineralak, harriak, hondarra...), batez ere kamioiak eta kargaontziak deskargatzeko. Biltegi automatikoetan eta serie-produkzioko kateetan ere erabiltzen dira, piezak lanpostu batetik bestera eramateko, eta denda handietan ere bai, erositako produktuak ordainlekuaren aurretik pasarazteko.